Baba Aye, Nigeriako Socialist Workers League-ko bozeramailea: “Boko Haram-ek bahitutako emakumeen indarra errespetatzen dut”

Populaziorik handiena duen Afrikako herrialdea da Nigeria, potentzia ekonomikotzat hartzen dutena, petrolioa duelako, baina 300 emakume bahitzeagatik dugu albiste. Baba Aye, Nigeriako Socialist Workers League-ko bozeramailea Berlinen izan da, Global Labour University-ko topaketetan. Nigeriari buruzko beste begirada bat dauka: Europara heltzen zaizkigun hedabideetatik haratagoko ikuspegia.

Zer ezaugarri ditu Nigeriako jendarteak, Boko Haram-en sorrera ahalbidetzeko?

Ezinezkoa da Nigeriako gatazka etno-erlijiosoen aldaerak ulertu, testuinguruari erreparatu barik. Alde batetik, neoliberalismo kapitalistaren triunfalismoarekin, ideia sozialistek eta laikoek lekua galdu dute. Nigerian, ondorioz, ideologiarik gabeko langileria sortu da. Sindikatuek txirotze-politiken aurkako mobilizazioak sustatu ahal izan dituzten arren, ez dute herritarren agendarik osatzeko gaitasunik agertu, etnia eta erlijio nortasunek langileria banantzeko duten indarrari aurre egiteko. Guztira, 374 etnia daude eta populazio gehiena bi erlijio nagusietan banatzen da: Islama edo Kristautasuna.

“Nigeriarren %70 txirotasunean bizi dira. Nigeriako Banku Zentraleko buruak kargu uztera behartu dute, 20 bilioi dolar desagertu direlako. Dirutza hori hezkuntzan eta lanpostuak sortzeko inbertituz gero, Boko Harami traba handia egingo liokete”

Islam modernoak proiektu neoliberal globalizatzailearekin batera sortu zen, 1970eko hamarkadaren amaieran. Boko Haram-en sorrera, 2009an, Islam politikoaren zabalkundearen ondorioa da. Boko Haram Islamismoaren militantzia berria da, nazioarteko jihadismo salafitarrean oinarrituta.

Estatuak erlijio ofizialik dauka? Zer garrantzia du erlijioak herritarrentzat?

Estatu laikoa izan arren, Nigeriako jendartea oso erlijiosoa da: budistak, Krishnak, Afrikako tradizioak… Hortaz, Kristautasunak eta Islamak ez dute Estatu-kontsideraziorik, baina Estatuaren babesa duten erlijioak dira. Iparraldean, baina, Estatuaren legeekin batera, 2000tik xaria ere legea dago. Badago txantxa bat: Nigeriak gehien esportatzen duena ez da petrolioa, elizak baizik. Afrikako elizarik handienak Nigeriakoak dira.

Erlijioak jendartearen bizi-baldintzak islatzen ditu?

Bai, harreman ekonomikoak ez direlako norabide bakarrekoak. Jendartearen maila sozialak erlijioa dira. Txiroak bizi-baldintza hobeagoengatik borrokatuko ez direla berma dezake erlijioak. Gainera, 1978tik hona, gatazka etniko eta erlijiosoen arteko nahasketa arriskutsua dago: nortasun politikei buruzko auzia da, “besteen” aurkari izateko ilusioa eragiten dutelako.

Nigeriako bizi-baldintzek zenbat eta okerrera egin, orduan eta atsekabe handiagoa eta, beraz, militante islamiar gehiago, adibidez, langabezia altuaren ondorioz.

Nigeria Afrikako herrialderik aberatsenetakoa da, petrolioa esportatzen duelako, baina horrek ez ditu herritarren bizi-baldintzak hobetu.

Afrikako gizonik aberatsenak Erresuma Batuko inork baino diru gehiago du, esaterako. Hala ere, nigeriarren %70 txirotasunean bizi dira. Horretarako arrazoi nagusia garapen ekonomikoa da. Nigeriarrak nekazaritzara eta zerbitzu gutxitara dedikatzen dira. Industrializatu barik, ezinezkoa da hazkunde ekonomikorik izatea. Kapitalistak diru gehiago lortu nahi du; baina, diru inbertitu barik irabazi handi-handiak lor ditzakeenean, zergatik inbertituko du? Nigeriako Banku Zentraleko buruak kargu uztera behartu dute, 20 bilioi dolar desagertu direlako. Dirutza hori hezkuntzan eta lanpostuak sortzeko inbertituz gero, Boko Harami traba handia egingo liokete.

Lanpostuak desagertzean eta jendarte segurantza sistemarik gabe, gero eta ilusiorik gabeko langile gehiago dago. Horregatik, mugimendu sindikala azken hamar-hamabost urtetik hona indartzen hasi da, aurreko diktadurapean ahuldu ondoren. Dozena bat greba orokor deitu arren eta nigeriarrek kaleak hartu arren, oraindik ez dute txiroentzako norabide politikorik zehazten asmatu. Langileen mugimenduak elite ekonomikoei ekar diezaiekeen arriskua ondotxo azaldu zuten 2012ko gatazkek. 2012ko urtarrilean, gasolinaren prezioaren igoerak Nigeriako langileen zenbait greba orokor eta mobilizazio jendetsuak ekarri zituen. Hori baino hiru aste lehenago, Boko Haramek ultimatum bat eman zien iparraldean bizi ziren hegoaldeko herritarrei: bi astean, zonaldea utzi behar zuten. Langileen 2012ko mobilizazioek, ordea, Boko Haram bera hutsal bihurtu zuten, hainbat erlijiotako kide elkarrekin borrokatu zelako, Udabarri Arabiarren ereduari jarraiki. Elkar zaindu zuten. Adibidez, islamiarren otoitz-orduetan, islamiarrak ez ziren manifestariek Meskita inguratzen zuten, babesteko.

Zonalde horretan, ipar-ekialdean, zelan aurkezten die herritarrei Boko Haramek bere burua?

Boko Haram ulertzeko, ezin diogu bakarrik oraintxe Boko Haram denari begiratu. Boko Haram ahalbidetu duen prozesua aztertu behar da. Era berean, Boko Haram ez da bakarrik Boko Haram, zonalde horietako bizi-baldintza ekonomiko eta sozialak baizik. Boko Haramez gain, erro bereko beste hiru talde ere badaude. Boko Haramez hitz egiten dugu, handiena eta ikusgarriena delako. Gaur bertan, Boko Harameko kideak hilko balituzte, beste talde batek leku hori hartuko luke.

“Bahiketatik bertatik 53 neskatilak alde egin zuen, inork salbatu barik, bizitza jokoan ipinita. Gehiagok ere alde egin ahal izango dutela sinetsita nago (beste lauk ere lortu dute)

Boko Haram muturreko islamismoaren adierazpen bezala ulertu behar dugu. Bere burua zelan aurkezten duen ez da hasieran aurkezten zuen modu bera. Gaur egun, Boko Haramek heriotzaren propaganda egiten du. Baina sortu zenean, 2002an, gobernuaren ustelkeria eta herritarren txirotasuna kritikatzen zituen, Mendebaldeko hezkuntzari lotuta. Hortik dator izena: Boko “liburuaren bertsio ustela” litzateke (oro har, Mendebaldeko heziketa bezala ulertuta) eta Haram, “pekatua”. Beraz, “Mendebaldeko heziketa pekatua da” esatean, gure agintariak diren buruzagi ustelek, menderapena eta zapalkuntza eragiten dizkigutenek, Mendebaldeko heziketa dutela nabarmentzen da.

Zein da Boko Harameko militanteen jatorri soziala?

Islam politikoak lau korronte ditu: elite klasikoa, elite berria (burgesa), salafistak eta herri xehea. Eliteen eragina 1978tik aurrera urriagoa izan da eta, aldi berean, islamismo militanteak gora egin du. Orain gatazka armatua dago eta burgesia txikiak gidatzen du, politikariek, hain zuzen, Banku Zentraleko aurreko buruak, besteak beste. Boko Haramen buruzagiak profesionalen klase ertainekoak dira, gehienak, unibertsitateko lizentziadunak. Nigerian badaude bestelako korronte islamiarrak, baina ez dira fundamentalista bihurtu. Beste erlijioetan ere badira elementu fundamentalistak garatu dituzten korronteak: kristautasunean, ebanjelistek, adibidez.

Zer erantzun eman izan diete jendarte mugimenduek Boko Haramen erasoei?

Boko Haramen indarkeriazko bidea 2009an hasi zen, Ustaz Mohammed Yusuf fundatzailea atxilotu zutenean. Poliziak bizirik eraman bazuen ere, tiroz hilda agertu zen. Epaiketarik gabeko hilketa izan zela begi-bistan zegoen. Ondoren, Boko Haramek herritarren aurkako indarkeriarekin erantzun zuen. Estatua bere kalkuluetan erratu zela uste dut.

Jendarte mugimenduek Yusufen hilketa gaitzetsi zuten. Gaur egun, aldiz, jendarte mugimendu gehienek dimentsio bakarreko jarrera onartu dute. Guk, ostera, ez dugu Boko Haram babesten, baina Estatu terrorismoa ere ez! Amnisty Internationalen arabera, armadak Boko Haramek beste lagun hil ditu. Guztira, 2009tik 5.000-10.000 lagun hil dira. Guda da. Baina jendarte mugimenduen dimentsio bakarreko jarrera nazioarteak eragin du, AEBen, Erresuma Batuaren, Txinaren eta Israelen babesagatik. Eta hauek dira ondorioak. Apirilaren 14an Abujako bonbak ipini ei zituzten bi lagun atxilotu zituen poliziak orain hilabete, baina euretariko bat askatu zuten, giza eskubideen taldeek eskatuta. Nik uste dut garrantzia handiagoa izan zuela bere aitak ejertzitoan kargu altua edukitzeak. Hortaz, segurtasunaren izenean, Boko Haramen kideen eskubideak ukatzeko bidea hasi du Gobernuak eta, ildo beretik, status quo horri aurre egiten dion edozein talderen kideen eskubideak ere bai.

Herri xehearen erantzunik egon da?

Jendarte mugimenduaren ibilbideak herri xehearen gogoa ere islatu du. Boko Haramen ekintza beldurgarriek babes ezaren sentsazioa eragin dute. Eliteak, gainera, horretan sakondu gura izan du. “Behintzat, bizirik gaude”, esateko, “berdin du zelan”. Gobernuak, orduan, Joint Task Forces (JTF – lantalde bateratuak) martxan ipini zituen, herri xeheak guda hori zilegitzat hartu zuelako. Oraintsuago zibilen JTFak sortu dituzte: gizon gazte langabetuekin osatuak. Eta Maidugurin Boko Haramen presentziari aurre egiten diote. Herriak babesten ditu, baina kontraesanik ere badago, batzuetan kritikatu dituztelako.

Boko Haramek, baina, bere jarduerarekin aurrera jarraitu du. Zergatik bahitu ditu 300 emakume?

Horren aurretik, beste hainbatetan zenbait emakume bahitu du Boko Haramek. Bahiketa hau, baina, neurriz kanpokoa izan da eta, horregatik, mundu osoan Boko Haramen inguruan hitz egiten da. Propaganda ekintza itzela gauzatu gura zuten. Aurreko batean askatutako emakume batek adierazi zuen emakumeak sexu morroi bezala erabiltzeko bahitzen dituztela. Haurdun geratzen direnean, hiltzen dituzte. Nik emakume horien indarra eta erresilentzia errespetatzen ditut. Hasteko, bahiketatik bertatik 53 neskatilak alde egin zuen, inork salbatu barik, bizitza jokoan ipinita. Gehiagok ere alde egin ahal izango dutela sinetsita nago (beste lauk ere lortu dute). Terroristekin negoziatu behar ote den edo ez eztabaidatu da. Ez dut uste Gobernua Boko Haram baina hobea dela, beraz, ez du hori esateko zilegitasunik. Gainera, gobernukideen edo enpresari handien alabak balira, ez dut uste gaiari horrela helduko lioketela.

Berdintasun eza eta homofobia

Europatik bahitutako emakumeak erreskatatzeko eskatzen gabiltzan bitartean, bertakoek beste bide bat nabarmendu dute: emakumeek eurek alde egitea. Izan ere, bahiketa egunean bertan 50 bat neskatok alde egin ahal izan zuten. Gerora, beste lauk ere alde egin du. Beraz, bertakoek emakume horien erresilentzian sinesten dute: egoera hori gainditzeko gaitasunean, hain zuzen. Horretarako, etxera bueltatzean, herri mugimenduen laguntza prest dutela azaldu du Baba Ayek. Horretan ere bahiketaren dimentsio handiak lagundu omen du.

Nigerian emakumeei gizonei beste eskubide aitortu arren, bien arteko aldeak handia izaten jarraitzen du, ohiturei dagokiela, batez ere. Horregatik, 2007an Emakumeen Auzirako Ministerioa eratu zuten, Hajiya Zainab Maina buru duela. Aurreko ministroa (Josephine Anenih), 700.000 euroren desagerpenarekin, ustelkerian harrapatu zuten, egunero 144 emakume erditzean hiltzen diren herrialdean: 10 minutuko bana, munduko tasarik altuena.

Txiroak emakumeak dira, lantzen duten lurraren jabetzarik ere ez dutelako. Nekazarien %80 emakumeak izan arren, lurra gizonezkoen izenean dago, emakumeek duten lur-eremua baino bost aldiz gehiago eskuratu dutelako. Nigeriako familien %15ean, hala ere, burua emakumea da.

Umeen erdia baino ez da eskolara joaten. Hala ere, lehen hezkuntza amaitutakoan, askok eskola uzten dute. Bigarren hezkuntzako emakumezko irakasleak bikoiztu arren, ikasleek ez dute proportzio berean bat egin, hezkuntzan jarraitzeko trabarik handiena ekonomikoa delako.

Horregatik, 2007tik aurrera Aukera Berdinen Legea estatuz estatu onartzen joan dira, baina izaera federalik ez duenez, indarrik ere ez du. Are gehiago, Nigerian ez dago bazterkeriaren aurkako legeriarik. Alderantziz, Sexu Bereko Lagunen Ezkontzak Debekatzeko Legea 2011n onartu zuten. Ezkontzez gain, lege horrek jendaurrean sexu bereko lagunen maitasuna erakustea eta LGTB taldeak sortzea ere galarazten ditu. Gainera, sexu bereko lagunekin harremanak izan dituztenek hamalau urteko espetxealdia dute Nigeria kristauan eta, xaria aplikatzen duten hamabi estatuetan, harrika hiltzen dituzte.

Boko Haramek iragarri bezala, baina, bahitutako emakumeak salduko balitu, euskal gizonek diru trukez neskato horiek bortxatu egingo dituzte. Guk gizon horiekin jendartea partekatzen dugu.

Iturria: Pikara Magazine-n argitaratuta (2014-06)

«Ustezkokeriak»

Historian lehenengoz, indarkeria sexista jendaurrean salatzeko mugimendua zabaldu da. Ondorioz, hedabideak ere gaitzespen hori ikusgarri egiten hasi dira, baina albisteei jendartearen jite matxista darie. Hasteko, “ustezkokeriak” ohikoak izaten dira. Salaketa bera zalantzan ipintzen duen “ustezko erasoa” esamoldea erabiltzen dute barra-barra, erasoa gauza ziurra izan arren. Erasorik ez balego, albisterik ere ez zegokeen. Hortaz, “ustezko” berbaren erabilera egokia “ustezko erasotzailea” aipatzeko litzateke, epaitu arte, atxilotua erruduna ez delako.

Erasoa zalantzan ipintzen duen “ustezkokeriak”, baina, emakumeek ipinitako salaketa faltsuen gezurra elikatzen du. Espainiako Epai Boterearen Kontseilu Nagusiak jakitera eman duenez, 2012an Espainian ipinitako sexu-erasoen salaketen %0’0038 faltsuak izan ziren. Esan gabe doa, horixe delitua dela eta, beraz, Estatuak berak prozesua abiatu ohi duela. Aldiz, salatzen ez ditugun sexu-erasoak zenbatezinak dira. Salaketa faltsuen gezurraren harira, adibidez, aseguru-etxearen kalte-ordaina jasotzeko, salatu eta gertatu ez diren lapurretak, suteak eta abar %10 izaten dira. Hala ere, hedabideek ez dute “ustezko lapurretez” eta “ustezko suteez” hitz egiten. “Ustezkokeriek” sexu-erasoa salatu duten emakumeen sinesgarritasuna zalantzan ipintzen dute:

  • «Ehunka herritarrek pasa den asteburuan Zarautz eta Getaria artean jazo zen ustezko eraso sexista baten aurka protesta egin dute» (Gara, 2013/03/25).
  • «Beasainek elkarretaratzea egin du ustezko erasoa salatzeko: Adingabeko batek egin zuen salaketa eta ustezko erasotzailea, 39 urteko gizona, ostiralean bertan atxilotu zuen Ertzaintzak» (Berria, 2014/02/18).
  • «Investigan una segunda denuncia por presunta agresión sexual en la Semana Grande de Donostia» (Deia, 2014/08/21).

Erasotzaileen eskubidea delako, gainerako lege-hausteetan bezala, izen-abizenik ez emateko legezko agindua dago. Epaitu bitartean, gainera, atxilotua “ustezko erasotzailea” izango da. Arazoa sortzen da erasotzaile batek jendarteari arriskua dakarkionean. Horrelakoetan, hedabideek erasotzailea argazkiekin identifikatzen dute:

Behin epaiketan erruduntzat jo eta gero, izen-abizenak ematea eta argazkia plazaratzea ohikoa izaten da… sexu-erasoei buruzko albisteetan kenduta. Erasotzaileak identifikatzea ezinbestekoa da, nortzuk diren jakin dezagun, gure burua defendatu ahal izateko. Jendartearen erdiari mehatxu egiten dioten erasotzaileen argazkirik ez dugu hedabideetan ikusten, hedabideek ez dutelako epaien berririk ematen. Salaketaren uneko albisteak epaiari buruzkoak baino sarriagotan plazaratzen dituzte. Erasotzailea ezaguna denean, ordea, epaiketa bera ere albiste bihurtzen dute, Oscar Pistorius kirolaria, esaterako. Horren antzera, Paul Abasolo Amantegi futbol jokalariak eragindako sexu-erasoengatik bere karrera kaltetuta ikusi zuen. Hiru urteko espetxealdia jaso zuela azaldu zuten hedabideek, bere izena aipatu barik eta argazkirik gabe:

Indarkeria sexistak emakume guztiak ditu jomugan. Horregatik, jendartearen erdia mehatxupean bizitzea borrokatzen ez duen kazetaritzak ez dio inori ekarpenik egiten. Datuek egiaztatzen duten emakumeen sinesgarritasuna errespetatzea ezinbestekoa da. Erasotzen gaituzten gizon matxistak identifikatzea, gainera, gure burua defendatzeko baliabiderik eraginkorrena da, bizirik jarraitu guran tematu ei garelako.

Iturria: Gaur8-n argitaratuta (2014/09/27)